Adi! WEBGUNEAK cookie fitxategi propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu.

Cookie fitxategiak (aurrerantzean “COOKIEAK”) ERABILTZAILEAREN ekipamendu informatikoan gordetzen diren informazio fitxategi fisikoak dira, ekipamendu horri argi eta garbi lotuta daude, eta ERABILTZAILEAK WEBGUNEAN egin duen nabigazioari eta erabilerari buruzko informazioa jasotzea eta berreskuratzea ahalbidetzen dute. Gehiago jakin

Onartzen dut
Donostia 2016 inaugurazioa
2015-10-15

Hansel Cereza artista eta zeremonia-sortzaileari eskatu zaio Donostia 2016ren inaugurazioko ikuskizun nagusia sortzeko

Urtarrilaren 18tik 24ra bitartean izango da inaugurazio-astea, eta inaugurazio-ekitaldien artean San Sebastian egunak ere tokia izango du.

Ekitaldi nagusia 100 egun barru izango da, zehazki, urtarrilaren 23an, eta Fura dels Baus konpainiako kide ohi den Hansel Cerezak jaso du ekitaldia sortzeko enkargua.

Energia-olatuak programak ere inaugurazioa osatuko du, eta horretarako aparteko bi deialdi egingo ditu.

Donostia 2016-inaugurazioa 1240

Donostiak hainbat ekitaldi berezirekin emango dio hasiera Europako Kultur Hiriburutza urteari. Hasiera ospatzeko prestatu den programak astebete iraungo du, urtarrilaren 18tik 24ra bitartean, eta barne hartuko ditu inaugurazioko ekitaldi nagusia (urtarrilaren 23an egingo den ikuskizun masiboa) eta herriaren jai handiaren (San Sebastian eguna) edizio zirraragarria.

Inaugurazioko ekitaldi nagusia diseinatzeko Hansel Cereza arte-sortzaileari deitu dio Fundazioak. Urtarrilaren 23an (larunbata), iluntzean, hiriaren erdialdean adin guztietako ikusleek gozatuko duten ikuskizun bisual bat egingo da, DSS2016EUren balioak irudikatzeko diseinatutakoa.

Abenduan inaugurazioko ekitaldi nagusiari eta Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio-astearen gainerako edukiei buruzko xehetasun gehiago publiko egingo dira.

Inaugurazio-astea

Urtarrilaren 18tik (astelehena), hiriko kultur eragileek euren babesa emango diote inaugurazioari, horretarako diseinatutako ekintza bateratuen agendaren bidez. Kultur etxeek, kontzertu-aretoek, galeriek… ongietorria egingo diote kulturaren urte handiari eta proposamen bereziak eskainiko dituzte.

Urtarrilaren 19ko gauean, danborren tarrapatarekin batera, Hiriburutzak eta herriko jai handiak bat egingo dute ekitaldi berean. Haurren danborradan konpainia berri bat izango dugu: lehenengo aldiz, beste hiri bateko (kasu honetan, 2016an Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburua izango den Poloniako Wroclaw hiria) neska-mutilek bat egingo dute haurren danborradarekin, Sarriegiren konposizioen erritmora.

Alderdi Ederren pantaila erraldoiak jarriko dira, Donostiako eta Wroclaweko tarrapatek bat egin dezaten, bi hirien Hiriburutza ospatzeko. Bandera jaisteak inaugurazioaren sugarra itzali beharrean, hainbat eragilek diseinatutako programazio bereziari bidea emango dio. Eragile horiek guztiek euren indarra DSS2016EUren hasierarekin batuko dute.

Energia-olatuak ekimenaren aparteko deialdiak

Energia-olatuak Donostia 2016k herritarren kultur ekimenak sustatzeko abiarazi duen programa da. Ekimen horren bidez, partikularrek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek aurkeztutako kultura-programak eta proiektuak babesten dira. Horretarako, diru-laguntzak eman dira.

Inaugurazioan Energia-olatuak ekimenaren aparteko deialdi bikoitzeko irabazleek hartuko dute parte. "Topaguneak" izango da gaia, eta 2.016 euroko 10 laguntza eta 20.160 euroko beste laguntza bat emango zaizkie ezberdinen arteko lotura sustatzen duten proiektuei. Aparteko diru-laguntza hori eskatu nahi duten proiektuak urriaren 16tik azaroaren 16ra bitartean aurkeztu behar dira. Deialdi horren ebazpena azaroaren 26an jakinaraziko da. Proiektu eskatzaileak, topaguneen sustatzaileak izateaz gain, 2016ko urtarrilaren 21etik 24ra gauzatu beharko dira, osorik edo zati batean.

Deialdiaren oinarriak eta informazio gehiago webgune honetan topa daitezke: energiaolatuak.dss2016.eu.

Idatzi iruzkina

Zihurtatu beharrezkoa den informazioa (*) bete duzula. HTML kodea ez da baliogarria.